XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Autore horiek proposatzen duten metodo alternatiboek bilatzen dutena, hortaz, ez da ez arau konbentzionalak transmititzea eta ezta balio amankomunak lantzea ere (ikaskuntza- edo bizipen-egoeretan). Horrenbestez, VC-kontzeptuaren arabera irakasten duten irakasleek egin behar dutena ikasleei laguntzea da: dituzten balioak ezagutzen, balio horien sendotasuna aztertzen, alternatibekin alderatzearen bidez indartzen, eta errealitatean duten jokabidearekin sakonago lotzen lagundu, alegia.

Irakasleen eginkizuna, hortaz, aipatutako urratsak indartzearen bidez balio pertsonal argiak garatzeko gaitasuna babestea eta bultzatzea da (berdin, 55. eta hurr orr.). Raths, Harmin eta Simonen arabera (1976), balioek arrazoimenaren eremuan dute beren lekua, baina edozeren gainetik esperientziaren kontua dira, ez dedukzio logikoarena.

Balioak eremu pertsonaleko zerbait dira, eta aldatu egiten dira bizitzan zehar. Hezitzaileek errespetatu egin behar dute hori; galderak egin ditzakete, baita aholkuak eskaini ere, balioak bilatzeko prozesuari laguntzeko xedez. Sentiberatasun eta prestakuntza handia baldin badute eta giroa konfiantzazkoa baldin bada, balioak garatzen hasten direla antzeman dezakete, adierazlez baliatuz, eta orduan gogoeta- eta aukeraketa-laguntza eskain diezaiekete ikasleei.

Balio-adierazle horiek, adibidez, norberaren xede, interes, nahi, iritzi, sentimendu eta beldur zein arazoei buruzko adierazpenak izan daitezke (berdin, 46.-49. eta 84.-92. orr.).

Beste behin ere: Raths eta bere lankideek (1976) nabarmenki azpimarratzen dutenez, balioak ezin ezar daitezke; ezartzekotan, moral bikoitza izango litzateke ordaindu beharreko prezioa. Benetako balioak sor ditzakeen bakarra gizabanakoa bera dela onartzeak haurrek inolako baliorik ez garatzea erabaki dezaketela ere onartzera behartzen gaitu. (berdin, 64. orr.)

13.3. Praxia

Values Clarification-aren arloan ehundaka estrategia praktiko proposatu dira, eredu horren xedeak irakaskuntzaren testuinguruan lortzera bideratuak. Raths eta bere lankideen (1976) oinarrizko testuak berak horrelako 20 estrategia deskribatzen ditu.

Praxiaren alderdien ikuspuntutik, berriz, bereziki aipagarria da Simon, Howe ampamp; Kirschenbaum-en eskuliburua, zeinari errezeta-liburuko izaera egotzi izan baitzaio.